|
Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala
95. zenbakia Data 2001-05-18 9265 orria
-----------------------------------------------------------------
3 GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO XEDAPEN OROKORRAK
ALDUNDIA - DIPUTATU NAGUSIA
Maiatzaren 8ko 39/2001 FORU DEKRETUA, Gipuzkoako mikroenpresen sustapena arautzen duena.
-----------------------------------------------------------------
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Maiatzaren 8ko 39/2001 FORU DEKRETUA, Gipuzkoako mikroenpresen sustapena arautzen duena.
«Gipuzkoarentzat nahi dugun etorkizuna ez genuke lortuko enpresa berririk sortuko ez balitz; ausardiaz eta arriskuei aurre eginez enpresa munduan sartuko den gizaseme edo emakumerik ez balego». Izan ere, ukaezina da enpresak bitarteko garrantzitsua direla lana sortzeko eta ehun ekonomikoa biziberritu eta modernizatzeko. Hori aitorturik, Europako Batasunak bere euskarri eta «benetako pilaretzat» hartzen ditu, eta bertako enpresariei begirunea zor zaiela dio, ekonomiaren garapenean eta enplegu sortzean haiek egiten duten lanagatik.
Gaurko egunean inork ez du zalantzan jartzen enpresa txiki eta ertainek –ETEek– eta bereziki mikroenpresek, beren egitura malgu eta dinamikoekin, garrantzi handia dutela kalitatezko enplegua sortzeko garaian eta produkzioaren eta aberastasuna sortzearen ingurunea taxutzeko garaian. Gipuzkoan horiek dira, gainera, gure enpresa munduaren bizkarrezurra. Hori dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia eta Turismo Departamentuak, instituzioartean diseinatutako neurriekin koordinaturik, Enplegua Garatzeko Tokian Tokiko Ekimenak bultzatu nahi ditu, eta, zehazki, enplegua eta aberastasuna benetan sor-
tuko duten mikroenpresak. Mota horretako enpresen barnean, arreta berezia jarriko du eskulangintzako enpresetan, horiei buruzko eskumen osoa Gipuzkoako Foru Aldundiak duelako, eta laguntza premia espezifikoa daukalako, enpresen txikitasunak eta egiturazko hutsuneek eragina.
Horregatik guztiagatik, Ekonomia eta Turismoko foru diputatuak proposatu eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu ondoren,
XEDATZEN DUT
1. artikulua. Xedea.
1.1. Foru dekretu honekin Gipuzkoan mikroenpresek osatutako ehun bizkor eta askotariko bat sortzeko eta garatzeko esparru lagungarri bat bultzatu nahi da, onuragarria izango delako enplegua zuzpertzeko, aberastasuna sortzeko, eta enpresa egitura biziberritzeko.
1.2. Foru dekretu honen ondorioetarako, mikroenpresa deituko zaie segidan adierazten diren baldintzak betetzen dituzten lantegi, enpresa eta unitate ekonomikoei. Baldintzak:
—10 langile edo gutxiago edukitzea.
—Urteko negozio dirutza 7 milioi euro (1.164.702.000 pezeta) baino gehiagokoa ez izatea edo balantza orokorra 5 milioi euro (831.930.000 pezeta) baino gehiagokoa ez izatea.
—Kapitalaren independentziari dagokionez, enpresa txiki eta ertainentzako estatuen laguntzei buruzko Europako Batasuneko arteztarauetan jasotako irizpideak betetzea (70/2001 Araudia, 2001eko urtarrilaren 12koa, Europako Batzordearena, I. Eranskina Europako Batasuneko Aldizkari Ofiziala, 2001-01-13koa, L10/33).
2. artikulua. Onuradunak.
2.1. Foru dekretu honek ezartzen dituen laguntzen onuradun izango dira: Gipuzkoako mikroenpresak, berriak nahiz lehendikakoak, eta mikroenpresen ordezkari diren elkarte eta irabazi asmorik gabeko erakundeak, baldin mikroenpresa batek baino gehiagok sustatutako eskaerak aurkezten badituzte.
2.2. Honelako enpresen proiektuei emango zaie lehentasuna:
a)1996ko irailaren 10eko 75/1996 Foru Dekretuak, Gipuzkoako eskulangintza arautzekoak, 4. Artikuluan xedatutakoaren arabera (1996-09-23ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala), eskulangintzako enpresa edo lantegi direnek aurkeztutako proiektuei.
b)Informazioko eta komunikazioko teknologia berrietan diharduten mikroenpresa berriek aurkeztutako proiektuei.
c)Gipuzkoaren sustapena garatzeko zerbitzu lagungarriak eskaintzen dituzten mikroenpresa berriek aurkeztutako proiektuei.
3. artikulua. Aurrekontua.
Foru dekretu honen bitartez emango diren diru laguntzak Ekonomia eta Turismo Departamentuaren aurrekontuko sail hauetatik ordainduko dira:
—1.0310.020.470.00.01.2001 saila, 75.152.000 pezetako zuzkidura duena (451.672,62 euro).
—1.0310.020.770.00.02.2001 saila, 8.000.000 pezetako zuzkidura duena (48.080,97 euro).
4. artikulua. Laguntza motak.
4.1. Foru dekretu honen bidez itzuli beharrik gabeko laguntzak emango dira lehiakortasun sistema jarraituz, honako jarduketak finantzatzeko:
a)2.2 artikuluko a), b) eta c) ataletan aipatutako mikroenpresa berriek ibilgetu materialean eta jarduera berriaren irteera gastuetan egiten dituzten inbertsioak.
b)Lehengo eskulangintzako lantegi eta enpresek ibilgetu materialean egiten dituzten inbertsioak.
c)Mikroenpresen baterako jarduketetarako izanik, kudeaketa, merkaturatzea eta berrikuntza hobetzea zuzeneko xedetzat duten inbertsioak eta proiektuak.
4.2. Ekonomia eta Turismo Departamentuak lankidetza hitzarmenak egin ahal izango ditu, programa honen xedeak betetzeko jarduera egokia duten eta aurreko atalean aipatutako jarduketak egiten dituzten elkarte eta erakundeekin.
5. artikulua. Proiektuak hautatzeko irizpideak.
Eskaeren artean, proiektu motaren arabera, hautaketa egiteko eta diru laguntzen kopuruak erabakitzeko, honako irizpideak hartuko dira kontuan, beti ere hurrenkerak hierarkiarik ez dakarrela garbi utzirik:
a)Mikroenpresa berriak:
—Proposamenaren berritasuna.
—Sektorea.
—Proiektuak eragin dezakeen enplegu sortzea.
b)Eskulangintzako enpresak:
—Jardueraren izaera tradizionala edo produktuaren arte balioa.
—Proiektuak eragin dezakeen enplegu sortzea.
—Turismoa sustatzeko ekimenetan txertatua egotea.
c)Mikroenpresek batera egindako jarduketak:
—Erakunde eskatzaileek zenbateko lotura ekonomikoa duten proiektuarekin.
—Proiektuaren onuradun izango diren enpresen kopurua.
—Gizarte, ekonomia edo zabalkunde mailan aurreikusten zaion etekina.
—Lehengo ibilbidea.
—Sektorean duen neurria, kalitatea eta ospea.
—Eskatzailearen ordezkagarritasuna sektorearen barnean.
6. artikulua. Diru laguntzen kopurua.
6.1. Diru laguntzen portzentaia azkenik erabakitzeko, aurreko artikuluan azaldutako irizpideak erabiliko dira, baina segidan adierazten diren portzentaiak gehienekotzat jota:
a)Mikroenpresa berriak sortzeko laguntza: Gehienez kostu hautagarrien %70; sortutako enplegu bakoitzeko, gehienez 750.000 pezeta (4.507,59 euro); eta enpresa berri bakoitzeko, gehienez 2.500.000 pezeta (15.025,30 euro).
Foru dekretu honen ondorioetarako, kostu hautagarriak honako hauek izango dira: Materialetako inbertsioak eta jarduera berriaren irteerak lehen sei hilabeteetan dakartzan gastuak, soldatei dagozkienak kanpo.
b)Lehendikako eskulangintzako enpresetan ekipamenduko inbertsioak egiteko laguntza: Gehienez %50, eta, lantegi bakoitzeko, gehienez 750.000 pezeta (4.507,59 euro).
c)Mikroenpresek batera sustatutako beste jarduketa batzuetarako laguntza: Tartean den enpresa bakoitzeko, gehienez 750.000 pezeta (4.507,59 euro), eta, proiektu bakoitzeko, gehienez 10.000.000 pezeta (60.101,21 euro). Eskulangintzako azokak edo lehiaketak antolatzeko izanez gero: Gehienez kostuen %50; Gipuzkoako eskulangintzako profesional bakoitzeko eta egun bakoitzeko, gehienez 30.000 pezeta (180,30 euro); eta guztira, gehienez 2.500.000 pezeta (15.025,30 euro).
7. artikulua. Europako Batasunak finantzaketan parte hartzea.
Diru laguntza emango zaien jarduketak Europako Batasunak aurreikusitako helburu, arau eta egintzei egokitzen bazaizkie, jarduketa horiek EBri aurkeztuko zaizkio, haien finantzaketan parte har dezan.
8. artikulua. Eskatzaileen betebeharrak.
8.1. Foru dekretu honen bitartez emandako laguntzen onuradunak mikroenpresak badira, sozietatearen helbidea eta zergetarako helbidea Gipuzkoako Lurralde Historikoan eduki behar dute.
8.2. Eskatzaileek zerga betebeharretan eta Gizarte Segurantzari dagozkionetan egunean daudela egiaztatu behar dute, laguntzak emateko eta ordaintzeko garaian. Ildo horretan, eskatzaileak eskaera aurkezte soilarekin berariaz baimena ematen dio Ekonomia eta Turismo Departamentuari behar diren egiaztapenak egiteko.
8.3. Ohiko eskulangintzan aritzen diren mikroenpresak badira, Gipuzkoako Eskulangintza Tradizional eta Herrikoiaren Errolda Orokorrean izena emanda egon behar dute, gainera.
9. artikulua. Proiektuen hasierako data.
Diru laguntza emango zaien proiektuak 2001ko urtarrilaren 1etik aurrera hasiak behar dute izan.
10. artikulua. Proiektuak egiaztatzeko epea.
10.1. Proiektuak egiaztatzeko epea 2002eko azaroaren 30ean amaituko da.
10.2. Diru laguntza hartu duten proiektuak aurreko atalean zehaztutako epean bukatu behar dira. Data horretatik aurrera, diru laguntza horri dagokion aurrekontu esleipena kontabilitatetik atera eta ordaindutako laguntza-aurrerakinak itzultzeko espedientea hasi daiteke.
11. artikulua. Eskaerak aurkeztea.
11.1. Foru dekretu honetan aurreikusitako diru laguntzen eskaerak aurkezteko azken eguna 2001ko irailaren 14a da.
11.2. Eskaerak Ekonomia eta Turismo Departamentuko Erregistroan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Erregistro Osagarrian edo 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazio Guztien Zuzenbide Arauen eta Administrazio Jardunbidearenak, 38.4 artikuluan aurreikusitako edozein modutan aurkez daitezke.
12. artikulua. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
12.1. Eskaera aurkezteko, Ekonomia eta Turismo Departamentuak prestatuko duen eredu normalizatua erabiliko da, eta bertan zehazten den dokumentazioa eta informazioa erantsiko zaio.
12.2. Ekonomia eta Turismo Departamentuak aurkeztutako proiektuak zuzen baloratzeko eta ebazpena emateko behar duen informazio guztia eskatu ahal izango dio edozein eskatzaileri. Informazio hori ez badu ematen, 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazio Guztien Zuzenbide Arauen eta Administrazio Jardunbidearenak, 71. artikuluan aurreikusi bezala, 10 eguneko epean, eskatzaileak eskaera bertan behera utzi duela joko da, eta besterik gabe artxibatuko da.
13. artikulua. Jardunbidea.
13.1. Ekonomia eta Turismo Departamentuko Ekonomia eta Turismoa Sustatu eta Garatzeko Zerbitzuak eskaerak baloratu ondoren, eta Ekonomia eta Turismoko foru diputatuak edo, behar baldin bada, Diputatuen Kontseiluak kasuan kasuko erabakia hartu baino lehen, espedientea ebazteko proposamena dagokion eskatzaileari jakinaraziko zaio, hark jakinarazpenaren egunetik hasita hamar eguneko epean egoki deritzen alegazioak egin ditzan eta komeni zaizkion agiriak ekar ditzan. Epe hori amaitzerako ez badu alegaziorik egin edo agiririk aurkeztu, tramite hori bete dela joko da, 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazio Guztien Zuzenbide Arauen eta Administrazio Jardunbidearenak, 84. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
13.2. Gehienez ere sei hilabeteren buruan ez bada berariazko ebazpenik eman, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, hori baita 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazio Guztien Zuzenbide Arauen eta Administrazio Jardunbidearenak, 42.2 artikuluan ezarritako epea.
14. artikulua. Diru laguntzak ordaintzea.
14.1. Oro har, diru laguntzen %50a proiektuari ekiten zaionetik hasita ordainduko da, ekite hori behar bezala zuritu eta Ogasuneko eta Gizarte Segurantzako ordainketak egunean daudela ziurtatzen duten agiri berriak aurkeztu ondoren. Diru laguntzaren gainerakoa lanak amaitzean hasita ordainduko da. Lanen amaiera zuritzeko, berorien azalpen tekniko eta ekonomikoa aurkeztu beharko da: Fakturak, ordainketen banku agiriak –halakorik badago–, eta zerga gaietako betebeharrak eta Gizarte Segurantzako ordainketak egin direla ziurtatzen duten agiri berriak.
14.2. Nahikoa arrazoi dagoen kasuetan diru laguntza osoa eman ahal izango da proiektu edo jarduketa gauzatu aurretik. Onuradunak aurretik ordaintzeko eskatzen badu, proiektua abian jarri izana behar bezala egiaztatzeaz gainera, Foru Aldundiaren iritziz behar adinakoa den banku edo finantza entitateren baten abala aurkeztu beharko du. Abala, kopuruz, aurreratutako diru laguntza gehi aurrerakina ematen denez geroztik proiektua burutzeko data arterainoko berandutze interesak adinakoa izango da (hots, laguntza + berandutze interesak). Berandutze interesa Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aurrekontuen Foru Arauetan indarrean dagoena izango da.
14.3. Abala kitatzeko, laguntza hartutako proiektuaren amaiera egiaztatu beharko da. Horretarako, behin betiko fakturak eta dagozkien ordainketak, proiektuaren kopia, eta zerga gaietako eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak bete izana erakusten duten ziurtagiri berriak bidali beharko dira Ekonomia eta Turismo Departamentura.
15. artikulua. Kontrola.
15.1. Diru laguntzaren onuradunak behartua daude eskatzen zaizkien dokumentuak esandako epean erakustera eta laguntza hartu duen jarduketa zuzen gauzatuko dela bermatzeko egiaztapenak egiteko erraztasunak ematera.
15.2. Ekonomia eta Turismo Departamentuak ahalmena du emandako diru laguntzak behar bezala erabiltzen direla eta foru dekretu honetan ezarritako gainerako baldintzak ere betetzen direla egiaztatzeko egoki deritzen jarduketak egiteko.
15.3. Inbertsioetarako diru laguntzak eman direnean, onuradunak Gipuzkoako Foru Aldundiari jakinarazi behar dizkio laguntzarekin eskuratutako aktiboen besterentze guztiak, haien bizitza erabilgarrian egiten badira. Ekonomia eta Turismo Departamentuak besterentzearen nondik norakoak aztertuko ditu, eta besterendutako ondasunagatik emandako diru laguntza osoa edo zati bat itzuli behar ote duen erabakiko du.
15.4. Foru dekretu honetan eta gainerako araudi aplikagarrietan ezarritako edozein betebehar ez badu betetzen, onuradunak diru laguntza hartzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da, eta hartutako dirua itzuli egin beharko du, zuzenbide publikoko diru sarrera gisa. Gainera, legezko erantzukizunak eskatuko zaizkio.
15.5. Foru dekretu honen bitartez emango diren laguntzak beste batzuekin bateragarriak izan daitezke, baldin denen batura laguntzen xede den proiektuaren benetako kostua baino gehiago ez bada. Onuradunek, eskaerarekin batera eta edozein ordainketa egin aurretik zinpeko adierazpena egin behar dute, eta horri buruzko informazioa Ekonomia eta Turismo Departamentuari beti garaiz emateko konpromisoa hartu. Gainera, hartutako laguntzen batura proiektuaren kostua baino gehiago bada, gehiagoko diferentzia hori itzuli egin beharko dute, zuzenbide publikoko diru sarrera gisa.
15.6. Diru laguntzak itzuli behar izanez gero, honako foru agindu hau hartuko da jarraibidetzat: Ogasun eta Finantzetako foru diputatuaren 1994ko maiatzaren l9ko 327/1994 Foru Agindua, subentzioak eta laguntzak emateko prozedurari aplikagarri zaion erregimen orokorra arautzeari buruzko 1993ko apirilaren 6ko 27/1993 Foru Dekretua garatzen duena.
15.7. Onuradunak ezingo du hartu guztira, Europako Batasuneko arautegiaren arabera minimis arau gisa ezarrita dauden kopuruak baino gehiago (69/2001 Araudia, 2001eko urtarrilaren 12koa, Europako Batzordearena, I. Eranskina Europako Batasuneko Aldizkari Ofiziala, 2001-01-13koa, L10/33).
AMAIERAKO XEDAPENAK
Lehena. Dekretuaren garapena.
Ekonomia eta Turismoko foru diputatuari ahalmena ematen zaio foru dekretu hau interpretatzeko eta ondo aplika dadin behar diren xedapenak garatzeko.
Bigarrena. Indarrean sartzea.
Foru dekretu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean.
Donostia, 2001eko maiatzaren 8a.
DIPUTATU NAGUSIA,
Roman Sudupe Olaizola.
EKONOMIA ETA TURISMO
DEPARTAMENTUKO
FORU DIPUTATUA,
Jose Ramon Beloki Guerra. (5053)
|