|
Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala
30. zenbakia Data 2002-02-14 2801 orria
----------------------------------------------------------------
4 GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO ADMINISTRAZIOA
ALDUNDIA - DIPUTATU NAGUSIA
Otsailaren 5eko 2/2002 FORU DEKRETUA, otsailaren 20ko 9/2001 Foru Dekretua aldatzen duena, Txekin egitaraua arautzari buruzkoa.
----------------------------------------------------------------
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Otsailaren 5eko 2/2002 FORU DEKRETUA, 2001eko otsailaren 20ko 9/2001 Foru Dekretua, ekimen handiko pertsonei aholkularitza eta laguntza teknikoa eskaintzeko «Txekin» programa arautzen duena, aldatzekoa.
2001eko otsailaren 20ko 9/2001 Foru Dekretua, ekimen handiko pertsonei aholkularitza eta laguntza teknikoa eskaintzeko «Txekin» programa arautzen duena, xede honekin eman zen: «ekimen handiko pertsonei aholkularitza teknikoko zerbitzuak eskaintzeko sistema homologatua ezartzea eta arautzea. Zerbitzu hori Ekonomia eta Turismo Departamentuak propio sortuko duen erregistroan izena emanda dauden profesional eta zerbitzu erakundeek, publiko nahiz pribatuek, emango dute, enpresa proiektuak garatzeko laguntza eta tutoretza eskainiz».
Txekin Programaren bitartez diru laguntzak emateko bidea arautuko duen beste dekretu bat behin betiko onartzen den bitartean, etenik gabe jarraitu nahi litzateke enpresa proiektu berrien sustatzailek Ekonomia eta Turismo Departamentuan aurkezten dituzten eskaerei erantzuten. Hala, bada, Diputatuen Kontseiluak, 2002ko otsailaren 5eko bileran eta departamentu horretako foru diputatuak proposatuta,
ERABAKI DU
Artikulu Bakarra. Aldatu egiten dira 2001eko otsailaren 20ko 9/2001 Foru Dekretuan, ekimen handiko pertsonei aholkularitza eta laguntza teknikoa eskaintzeko «Txekin» programa arautzen duenean, segidan adierazten diren artikuluak, eta hemen ageri den moduan geldituko dira:
13. artikulua. Eskabideen aurkezpena.
Eskabideak Ekonomia eta Turismo Departamentuko Erregistroan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Erregistro Zentralean edota Herri Administrazio Guztien Zuzenbide Arau eta Administrazio Jardunbideari buruzko 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan aurreikusitako moduetan aurkeztuko dira.
14. artikulua. Aurrekontu programa.
Programa honen bidez emango diren diru laguntzak Ekonomia eta Turismo Departamentuaren 1.03.10.020.470. 00.03.2002 kontu sailetik emango dira. Sail horren zenbatekoa, hasteko, 462.539 eurokoa da, aurrekontu luzapeneko aldian.
AMAIERAKO XEDAPENAK
Lehena. Dekretuaren garapena.
Ekonomia eta Turismo Departamentuko foru diputatuari eskumena ematen zaio foru dekretu hau interpretatzeko eta ondo ezartzeko beharrezko diren xedapenak emateko.
Bigarrena. Indarrean sartzea.
Foru dekretu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera sartuko da indarrean.
Donostia, 2002ko otsailaren 5a.
DIPUTATU NAGUSIA,
Roman Sudupe Olaizola.
EKONOMIA ETA TURISMO
DEPARTAMENTUKO
FORU DIPUTATUA,
Jose Ramon Beloki Guerra. (1459)
|